GURI BURUZ
La Charada Teatro Rodolfo de León eta Larraitz Iparragirrek osatzen dugu. 2007an sortu genuen Guatemalan, Txotxongilo antzerkia biziberritu, zabaldu eta lengoaia berriak arakatzeko helburuarekin. Ordukoak dira Cuentos al derecho y al revés, El Amor y la Locura. Cuentos Cortos para Niños Largos, Covers eta Los Tres Cochinitos y el Lobo Petroff lanak. 2010. urtean BreVarios taularatu genuen eta lan honekin nazioarteko jaialdietako zirkuituan mugitzen hasi ginen. Monterrey hirian ospatutako Nuevo Leoneko antzerki jaialdian aipamen berezia jaso zuen lan honek.
​
Detritus lana estreinatu genuen 2011. urtean eta El Charlatán 2012an. Azken honek Buenos Aireseko Cervantes antzokian antolatutako I Latinoamerikako Antzerki Bienalean lanik onenaren saria jaso zuen.
​
2014an La Oveja Negra estreinatu genuen eta 2015ean Balada Triste para ti eta Aspaldian Utzitako Zelda, ikusle bakarrarentzako formatu txikiko antzezlanak.
Formazioa
​
Hasieratik gure formazioari garrantzia eman diogu eta bide horretan tailer, ikastaro eta erresidentzia ezberdinetan parte hartu dugu:
Gure maisuen artean Bruno Leone (Pulcinellaren teknika), Carlos Converso (Pertsonaiaren sorkuntza), Edwin Salas (Egurrezko txotxongiloen eraikuntza), Verónica Maldonado (Dramaturgia), La Rana Sabia (Dramaturgia), Adriana Sobrero (Eskularruko txotxongilo teknika), Luis Carlos Pineda (Teatro del oprimido), Pedro Valdespiña (Guanteko txotxongilo animazioa), Italo Carcamo (Mahai gaineko txotxongilo animazioa), Gabrio Zapelli (Txotxongilo antzerkirako argiztapena), Eduardo Villalpando (Objektu antzerkia), Luis Javier Alvarado (Dramaturgia),Toni Zafra (mugimenduaren dramatika), Indira Pensado (Ahots teknika), Sakiko Yokoo (Kamishibai, paper drama), Pablo Cueto (Paperezko antzerkia), Marcelo Pablo Fernández (Txotxongilo erraldoien sorkuntza eta esponja lantzeko teknika) Beste batzuen artean.
Iraupen luzeko erresidentziak berriz:
• La Casa de los Títeres de Monterrey, Baúl Teatrorekin (Mexiko).
• ArsVita konpaniarekin Hidalgo (Mexiko).
• Miguel Oyarzunekin. El Chonchon. (Argentina)
• Cesar Taverarekin. (Mexiko)
Poliki-poliki gure formazioan sakontzen joan ahala tailerrak eta ikastaroak ematen hasi ginen. Gobernuz kanpoko erakundeekin, herri mugimenduekin, mugimendu indigenekin, gazteekin eta emakume erakundeekin egin dugu lan batez ere.
Latinoamerika zabaleko dozenaka eskola, plaza eta antzokitan aurkeztu ditugu gure lanak, baita nazioarteko zenbait jaialditan ere. Nazioarteko jaialdien zerrenda hemen.
​